Schumpeter, Joseph Aloïs
Austriar ekonomialaria (Triesch, 1883 - Connecticut, 1950). Vienako unibertsitatean egin zituen ikasketak eta Czernowitz, Graz, Bonn, Harvard, Cambridge eta Massachussetts-eko unibertsitateetako irakasle izan zen. 1919-1925 bitartean, Austriako Finantza ministro izan zen. 1932. urtetik hil arte Estatu Batuetan bizi izan zen. Ekonomiaren estatikaren eta dinamikaren arteko bereizketa ezarri zuen, hots, ekonomia geldoa eta bilakatuz doana bereizi zituen; hala, berrikuntza eta enpresari berritzailearen kontzeptuak sortu zituen, kapitalismoaren interpretazio berri bat emateko erabili izan direnak. Ekonomiaren garapena jarri zuen ekonomia politikaren eta azterketaren oinarri eta ardatz. Kapitalismoaren garapena ez dela homogeneoa eta uniformea adierazi zuen, eta ekonomiaren prozesua zikloka garatuz joaten dela, berrikuntzak direla eta, aurreko oreka galdu egiten delako. Bestalde, Schumpeterren ustez kapitalismoa ez da desagertuko eraginkorra ez delako, bere arrakasta ekonomikoen ondorioz sortuko diren arazoengatik baizik (berrikuntzak sartzeko kemenaren galeragatik eta estatuaren kontrol gero eta handiagoagatik). Obra nagusiak: Theorie der wirtschaftlichen Entwicklung (1912, Ekonomia egokieraren teoria), Capitalism, Socialism and Democracy (1942, Kapitalismoa, sozialismoa eta demokrazia) eta History of Economic Analysis (1954, Ekonomia azterketaren historia).