Schroder, Gerhard
Alemaniar politikaria (Hannover, 1944). Alemaniako kantziler izendatu zuten 1998ko irailaren 27an. Bigarren Mundu Gerran hildako igeltsero baten semea; mandatuak egiten eta denda batean saltzen lan egin behar izan zuen, gau eskolan batxilergoa eta gero zuzenbide ikasketak egin baino lehen. 1960ko hamarraldiaren hasieran Alderdi Sozialistako kide egin zen, eta denbora gutxian nabarmendu zen. 1978an Sozialista Gazteen lehendakari izendatu zuten, eta 1980an Bundestag-eko diputatu. 1990ean, Saxonia Behereko estatuko legegintzarako hauteskundeetan, bere alderdiak irabazi zuen (botoen % 44,2), Demokrazia Kristauaren kaltean, 14 urteren ondoren. Berdeen laguntzarekin Saxonia Behereko lehendakari hautatu zuten, eta haiekin koalizioko gobernua eratu zuen. 1993ko ekainean, Alemaniako Alderdi Sozialistaren Kongresu Berezian, uko egin zion sozialdemokraten lehendakaritzarako hautagai izateari, irabazteko aukera gutxi zuelako kontsentsuaren hautagai Rudols Scharping-en aurrean (Renania-Palatinatuko estatuko gobernuburua). 1994ko ekainean Saxonia Behereko lehendakari hautatu zuten berriro, eta berari esker lortu zuen Alderdi Sozialistak gehiengo osoa eskualdetako hauteskundeetan, aurreko martxoan. 1995eko abuztuan, Alderdi Sozialistako buruak, Rudolf Scharpingek, alderdiaren bozeramaile ekonomiko kargutik kendu zuen, sozialisten eta Helmut Khol kantzilerraren alderdi kontserbadorearen politika ekonomikoen artean alde handirik ez zegoela adierazteagatik. 1998ko martxoaren 1ean, Saxonia Behereko hauteskundeetan, bere alderdia atera zen ostera garaile, ordu arte ez bezalako aldearekin, botoen % 48arekin. Garaipen hori zela eta, Alderdi Sozialistak hauteskunde federaletarako hautagai izendatu zuen. Schroderrek uste baino errazago irabazi zituen hauteskundeak, eta Alemaniako gobernua sozialdemokraten esku geratu zen 16 urteko gobernu demokristauaren ondoren.