Schubert, Franz Peter
Austriar musikagilea (Viena, 1797 - Viena, 1828). Errege kaperako ume kantaria izan zen, eta hartan egin zituen oinarrizko musika ikasketak. Salierirekin ikasi zuen teoria. 1813-1818. urteetan aitak zuen eskolan lan egin zuen bizibidea atera ahal izateko. Gaztetatik hasi zen musika idazten eta urte haietan lied ugari, operak eta mezak idatzi zituen. Margolari, olerkari eta idazle askoren adiskidea izan zen, guztiak Esterházy kondearen inguruan zebiltzanak. Beethoven-en miresle sutsu izan zen. Hogeita sei urte zituelarik sifiliaz gaixotu zen. Diru arazo larriak izan zituen bizitza osoan, eta tifusak jota hil zen hogeita hamaika urterekin. Gazte hil bazen ere, lan ugari utzi zituen. Aipagarriak dira, besteak beste: 600 lied baino gehiago, Gretchen goruan (1814); Amuarraina (1817); Andre errotari ederra (1823) lied sorta; Agur Maria (1824); Negu bidaia (1827) lied sorta eta Beltxargaren kantua (1828) lied sorta, Goethe, Schiller, Heine, Schlegel, Schober, Novalis, Müller, Collin, Mayrhofer eta beste olerkarien testuekin. Sei meza idatzi zituen; mi bemolean idatzia da aipagarriena (1828); bestelako eliza musika ere asko idatzi zuen; idatzi zituen sinfonietatik bederatzi bakarrik gordetzen dira; aipagarrienak Bederatzigarren sinfonia si bemolean (1816), eta Amaigabea famatua si minorrean (1822) dira. Hogeita hiru sonata idatzi zituen pianorako; 11 impromptu (1827); hogei bat kuarteto pianorako; boskote bat pianoarekin jotzeko, Amuarrainaren boskotea (1819) izenekoa. Hogeita bi opera idatzi bazituen ere, gaur egun Rosamunda-ren obertura eta interludioak bakarrik jotzen dira.