Schongauer, Martin
Alemaniar grabatu egilea eta margolaria (Colmar, 1445 - Brisach, 1491). XV. mendeko grabatu egilerik onenetako bat izan zen. Garai hartako holandar maisu handien eragina begibistakoa da bere lanetan. Schongauer-en 115 bat grabatu gorde dira, bikainak denak. Eragin handia izan zuten Durerorengan, eta Europa osoan zehar ezagutu ziren. Grabatuetan erabili zituen gaiak erlijiozkoak ziren batez ere: Ama Birjinaren heriotza; Birjina zuhurrak; San Antonio; Errege Magoen gurtzea. Margolari gisa oso adierazkorra izan zen egin zituen lan bakanetan. Ezagunena Ama Birjina arrosa artean (1743) da. Beste lan batzuk ditu: Colmar museoan dauden aldare buruko baten bi aldeak; Familia sakratua; Ama Birjinaren koroatzea; Epaiketa unibertsala, Brisach-eko katedralean dagoen fresko erraldoia. Schongauer-en jatorrizko 53 marrazki ere gordetzen dira.