Schopenhauer, Arthur
Alemaniar filosofoa (Danzig, 1788 - Frankfurt, 1860). Filosofiako ikasketak egin zituen Göttingen-en eta Berlinen. 1814-1818. urteen bitartean Weimar-en bizi izan zen eta Goethe ezagutu zuen han. 1819an, bere obra nagusia argitaratu zuen: Die Welt als Wille und Vorstellung (Mundua borondate eta irudikapen gisa). Platonek, Kantek eta budismoak eragin handia izan zuten berarengan. Schopenhauer-ek itzal handia izan du XX. mende hasierako Europako pentsamenduan. Obra nagusiak: Die Welt als Wille und Vorstellung (1918, Mundua borondate eta irudikapen gisa), Über den Willen in der Natur (1836, Naturaren hautamenaz), Die Beiden Grundprobleme der Ethik (1841, Etikaren funtsezko bi arazoak), Parerga und Paralipomena (1851, Parerga eta Paralipomena) eta Aphorismen zur Lebenswisheit (Aforismoak bizitzaren jakinduriari buruz). v Schopenhauer-en filosofia. Schopenhauer-entzat mundua irudikapen hutsa da, sentipenek egituratzen dutena; ez du bereizketarik egiten gertakariaren eta horren itxuraren artean, biak uztartzen baititu. Mundu honetako formak, munduko gauzakiei itxura ematen dietenak, espazioa, denbora eta kausalitatea dira, eta giza sentipenek antolatu eta egituratzen dituzte horiek. Hala ere, une jakin batzuetan gizonak mundua ez du atzematen gertaera edo fenomeno huts gisa, zerbait sakonago den eta beragandik hurbilago dagoen zerbait bezala baizik: horri ni-a deitzen zaio. Ni-a, alde batetik, gorputz gisa hauteman daiteke, baina denboraz eta espazioaz haraindi dagoen zerbait ere bada, eta askea da gainera: horri borondatea deitzen zaio. Gizona bere izateari lotzen zaio lehenik eta behin, eta izate hori bizitzeko borondatea da funtsean. Mundu honetako gauza bakoitzak izateko borondatea du eta hala agertzen da kanpora, bai mundu bizigabean, bai bizian eta baita kontzientziaren esparruan ere. Errealitatea, bada, borondatea da funtsean. Baina nola nahi izateak etsipena dakarren, nahia bete ezin denean, borondatea atsekabe etengabea da. Plazerra, beraz, atsekabe horren etenaldia da eta iragankorra da guztiz; bizitza bera, funtsean, atsekabea eta oinazea da. Horrela bada, Schopenhauer ezkor eta etsikorra da. Bizitzeko borondatea, betiere asegabea baita, atsekabea da eta, beraz, mundua bera eta gizonaren bizitza ere hala dira. v Schopenhauer-en etika. Schopenhauer-en etika ideia hartan oinarritzen da; hala, sentimendu morala errukia da, beste gizonen atsekabea arintzea. Hori da, hain zuzen, jakintzaren, artearen eta, batez ere, musikaren helburu behinena; baina sendabide iragankorrak dira guztiak. Salbabide bakarra bizitzeko borondatea gainditzea da; borondatea itzaltzen bada, nirvanan sartzen da, eta ezerezean murgiltze hori da onik handiena, salbabide egiazkoa eta nahi asegabeak ematen duen atsekabearen eta oinazearen sendabide bakarra. Horrez gainera, Schopenhauer-en etika determinista zen; hau da, berarentzat gizona berez da ona edo gaiztoa sortzen denetik hil arte. Sokratesek ez bezala, Schopenhauer-ek uste zuen bertutea ezin zela irakatsi, gizona on edo gaizto jaio eta aldaezina denez.