Schuchardt, Hugo
Alemaniar hizkuntzalari eta euskalaria (Gotha, 1842 - Graz, Austria, 1927). Jenako eta Bonngo unibertsitateetan egin zituen goi-ikasketak. Latinean oinarria duten hizkuntzak ere aztertu zituen, hala nola italiera, frantsesa, gaztelania, portugesa, errumaniera… Ondoren, erromaniko ez diren hizkuntzek dituzten latinaren hondarrak aztertzen hasi zen, eta ikerketa horretan euskararekin topo egin zuen. Sarara joan zen 1887an eta euskara sakontzen hasi zen harrezkero. Harenak dira euskarari buruzko Euskal Ikerketak I. Euskal aditzaren formen sorkuntzari buruz (1893). 1900ean, Linschmannekin batera, Leizarragaren obren bigarren argitalpena egin zuen Estrasburgon. Besteak beste, RIEV aldizkarian argitaratu zituen artikulu garrantzizkoenak. Euskaltzaindiko ohorezko kidea izan zen.