Schönberg, Arnold
Austriar musikagile, zuzendari eta irakaslea (Viena, 1874 - Los Angeles, 1951). Bere kasa ikasi zuen. Gaztetatik hasi zen musika idazten, ganbera musika, batez ere. 1891. urte inguruan kontrapuntu ikasketak egin zituen Zemlinskyrekin. Irakaskuntza funtsezko ogibide izan zuen bizitza osoan. A. Webern eta A. Berg izan ziren Schönberg-en ikasle nagusiak. Aldi desberdinak ditu Schönberg-en musikagintzak. Lehenengoan Wagner-en musikaren eragin nabaria du. Ondoren musika atonalaren araberako lehen lanak idatzi zituen, Pierrot Lunaire (1912), besteak beste, XX. mendeko musikan eragin handia izan dutenak. Hirugarren aldian, hamabi hotseko metodoa edo dodekafonismoa finkatu zuen, hurrengo lanetan berebiziko garrantzia izan zuen aurkikuntza guztiz berritzailea. Azken aldia Estatu Batuetan bizi izan zituen urteetan gertatu zen. Garai hartan heldutasun handiko lanak idatzi zituen. 1941. urtean Estatu Batuetako herritar bihurtu zen. Lan ugari idatzi zituen. Hauek dira aipagarrienak: Verklärte Nacht (1899, Gau itxuraldatua), harizko tresnetarako sextetoa, 1917. eta 1943. urteetan harizko tresnetako orkestrarako moldatua; Gurrelieder (1901); Pelléas et Mélisande (1902-1903), poema sinfonikoa; Erwartung (1909, Esperoan), monodrama; Die Jakobsleiter (1917, Jakoben zurubia), oratorio amaitugabea; Haizezko tresnetarako boskotea (1923); Moses und Aron (1930-32), opera; Biolinerako kontzertua (1936); Napoleon Bonaparteri Oda (1942); Varsoviatik bizirik irtena (1947), kantata.