Scholes, Myron
Kanadar ekonomista (Timmins, Ontario, 1941). Ekonomiako Nobel saria (1997). Hamiltongo McMaster Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Gero Chicagora joan zen ikasketak sakondu eta finantza ikasketak egitera, eta ordenagailu eta informatikan espezializatu zen, baina azkenean ekonomia ikerkuntzako doktoregoa atera zuen. 1968an finantzei buruzko eskolak ematen hasi zen eta Chicagoko Unibertsitateko Ikerkuntza Zentroan lan egin zuen (1973-1980). 1981ean Stanford University-ko Ekonomia Eskolako kide izendatu zuten, eta 1983an Zuzenbide Eskolakoa. 1990etik aurrera finantza teknologia praktikara eramaten ahalegindu zen, eta horrek finantza erakundeen eta merkatuen bilakaera hobeto ulertzen lagundu zion. Munduko unibertsitate ospetsuenetan honoris causa doktore izendatu zuten, eta mundu osoko aldizkari espezializatuetan argitaratu zituen bere artikuluak.