Schnittke, Alfred
Errusiar musikagilea (Engels, Saratov barrutian, 1934 - Hanburgo, 1998). Lehenengo musika ikasketak Vienan egin zituen 1946-1948 urteen bitartean. Moskura itzuli zenean Evgeni Goloubev eta Nikolaï Rakov-en ikasle izan zen Urriko Iraultzako Musika Akademian, 1958. urtea arte. 1961. urtetik aurrera orkestrazioa eta konposizioa erakutsi zuen Moskuko kontserbatorian, eta 1972an bertako irakasle izendatu zuten. 1980an Vienako Musikhochschule-ko irakasle bihurtu zen. 1990ean errusiar eta alemaniar hiritartasun bikoitza hartu zuen eta Hanburgon hartu zuen bizilekua. Mundu osoan aritu zen eta interprete handienak jo zuten haren musika: Rostropovitx, Rojdestvenski, Kremer, Youri Bashmet, Gutman, Kronos laukotea, Alban Berg laukotea, Borodine laukotea. 1992 eta 1994. urteetan, gaixorik, musika idazten jarraitu zuen, eta hala idatzi zuen 9. sinfonia (1996-1997). Schnittkeren lehenengo lanak nahiko konbentzionalak izan ziren, Prokofiev-en eragin nabarmena zutenak: Kontzertua biolinerako 1 (1957), Kontzertua pianorako (1960), Sonata biolin eta pianorako 1 (1963). Ondoren, idazketa seriala aurkituta, ganbera musikaren forma zorrotzetara egokitu zuen: Harizko laukotea 1 (1966), Elkarrizketak, biolontxeko eta zazpi tresnetarako (1965). Poloniako eskolak erakarri zuen, eta Lutoslawskiren eraginpean, lirismo pertsonalagorantz bideratu zuen bere hizkuntza. 1. Sinfonia (1969-1972) garai horren lan adierazgarriena da, eta debekatu egin zuten Sobietar Batasunean. Hala ere, Shnittkeren musika Mendebaldean jotzen hasi zen, eta Xostakovitxen ondorengotzat hartzen zen. Erlijioa gero eta leku garrantzitsuagoa hartzen hasi zen bere lanetan: requiem bat atera zuen Shiller-en Don Carlos lanerako egindako musikatik eta 2. sinfonia-rako meza latinoaren testua hartu zuen. Poliki-poliki katolizismora jo zuen (1983). 1960ko hamarraldiaren bukaeratik aurrera, Schnittkek hainbat jatorritako osagaiak nahastu zituen bere musikan, vienar balsak, tangoak, rock-a, etab. Dena dela, estilo desberdin anitzeko hizkuntza hori desagertu egin zen 1980ko hamarraldian, eta musika egituratuago baterantz egin zuen. Garai horretako musikaren erakusgarri da (K)ein Sommernachtstraum (1985) orkestrarako lana.