Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schaffhausen

Suitzako iparraldeko hiria eta izen bereko kantonamenduko (294 km2 eta 70.949 biztanle) hiriburua, Rhin ibaiaren ertzean, Rhin eta Durach ibaien bilgunetik hurbil. 36.000 biztanle. Alemanez mintzo dira gehienak, eta protestanteak dira nagusiki. Merkataritza eta industria (ehungintza, larrugintza, doitasun industria, tresneria mekanikoa) dira ekonomia jarduera nagusiak. Erdi Aroko monumentuak gorde ditu eta aipagarriak dira, besteak beste, katedral erromanikoa, XIV-XV. mendeetako udaletxea eta Santu Guztien museoa. Rhin ibaiak han duen urjuzi ikusgarriak turismo ugari erakartzen du. v Historia. 1050. urtean sortutako abadetxe beneditar baten inguruan hazi zen. Hiri inperiala izan zen 1190. urtetik aurrera, baina Habsburgotarrek berenganatu zuten 1330ean. 1415. urtean Suitzara bildu zen, eta 1501ean Suitzako konfederazioko kide egin zen.