Scully, Sean
Irlandar margolaria (Dublin, 1945). Croydon College of Art eskolann, Newcastle Unibertsitatean, eta Harvarden egin zituen ikasketak. 1973-1975 bitartean Chelsea School of Arten eta Londresko Unibertsitateko Goldsmith Collegen lan egin zuen irakasle gisa. Bien bitartean bakarkako bere lehen erakusketa egin zuen, Rowan Galleryn (1973). Lehen aldi figuratibo kaligrafiko baten ondoren, 1970eko hamarraldiaren hasieran abstrakziora egin zuen, Pollocken eta Mondrianen argitasun plastikoaren eraginpean. Denbora horretan sareta modukoak egiten jarraitu zuen, lerro diagonalekin, gainaldeari eta sakontasunari buruzko hausnarketa moduan. 1975ean Estatu Batuetara joan zen eta eskolak eman zituen Princeton Unibertsitatean. Erakusketak egin zituen Santa Monicako Torutue Galleryn (1975), eta New Yorkeko Buffy-Gibbsen. 1974tik aurrera halako kromatismo itzaltsu bat agertu zen bere obran, eta bere konposizioak estatikoagoak eta zorrotzagoak egin ziren: "gotorleku koadroak" ziren. 1980ko hamarraldian pintzelkada lodiak eta era askotako egiturak eta koloreak erabiliz hasi zen margotzen. Scullyk "marra" erabili du bere obra osoaren ezaugarri nagusitzat, mendebaldeko kulturaren topiko bat delako, eta kultura horri buruzko gogoeta egiten saiatzen da marraren bidez.