Schapera, Isaac
Britainiar antropologoa (Garies, Namaqualand, Hegoafrika, 1905 – Londres, 2003). Lurmutur Hirian hazi eta hezi zen, baina Ingalaterra joan zen ikasketak sakontzera. Han Alfred Reginald Radcliffe-Brown-en ikasle izan zen eta, besteak beste, Bronislaw Malinowski ezagutu zuen. 1929an Hegoafrikara itzuli zen eta hurrengo urtetik aurrera eskolak ematen hasi zen Johannesburgoko Unibertsitatean. Hotentoteak, boskimanak eta batez ere egungo Botswanako tswanak aztertu zituen. Bere metodo etnologikoa zehatza izateaz gainera, globala izan zen, ezagutu zituen herrietako kulturaren dimentsio eta adierazpen ugari aztertu baitzituen: sinesmenak, erlijioa, festak, ahaideak, sexu portaera, ohiturazko zuzenbidea, migrazioak. 1950ean Britainia Handira itzuli zen, eta antropologia irakasle gisa lan egin zuen, erretiroa hartu zuen arte (1969). Lan asko argitaratu zuen bere ikerketa antropologikoen ingurukoak.