Saura, Antonio
Espainiar pintorea (Huesca, 1930 - Cuenca, 1998). Bere kasa ikasi zuen asko irakurriz, eta 1947an hasi zen margotzen, gaixoaldi luze batean. Gaztaroa Madrilen eman zuen, eta 1953tik aurrera denboraldi luzeak egin zituen Parisen. Hasieran, gaixoaldian, obra surrealistak egin zituen, txikiak eta xehetasun handiz landuak, baina gero, 1950 inguruan, libreago margotzen hasi zen, fantasiaren eta surrealismoaren eraginpean hala ere: El cementerio de los suicidas. Abstrakzioa indarra hartzen hasten da eta gauzak lausotzen, edo anbibalentzia nabarmen bihurtzen: Piedra, Luna, Cielo. Handik gutxira, baina, alde batera utzi zuen figurazioa, eta surrealismoa ahaztu; orbanezko pintura molde bat egiten hasi zen, indar eta dramatismo handikoa, barrokoa inoiz. Sauraren jarrerak erabat aldatu zuen Espainiako orduko artea, informalismoaren garaipena ekarri baitzuen. 1957an El Paso taldea sortu zuen, Madrilen, Canogar, Feite, Millares eta beste artista batzuekin batera. Taldea hizkuntza formal berri baten bila ibili zen, informalismotik gertu bere estetikan. Saura Espainiako espresionismo abstraktuaren ordezkari aipagarrienetako bat izan da. Kolore gama urria -zuria eta beltza– erabiltzea izan zen bere lehen aldi horretako ezaugarrietako bat: Crucifixión. Garai hartan egin zuen Gaztelakoa izenez ezagutzen den sail osoa. 1980ko hamarralditik aurrera kolore gorria gehitzea erabaki zuen, irudiak (sinbolikoak askotan) egiteko: Kristoren eta emakumezko pertsonaien erretratuak egin zituen, adibidez, marra bihurrituak, ia ezagutezinak erabiliz. Gauzen ikuspegi tradizionala baztertu zuen eta bere pinturarekin adierazpen abstraktuko bide berri bat urratu zuen. Bestalde, lan handia egina da teorialari gisa saiakera liburuak idazten, eta orobat liburu irudiztatzaile gisa. Azkeneko urteetan, tamaina txikiko lanak baztertuta, konposizio handiak egin zituen, eta kolorea ere erabili zuen: aipagarriak ditu, adibidez, Transformaciones edo Superposiciones sailak. Sari asko jasotakoa da, hala nola, Guggeenheim (1960), Carnegie (1964), Luganoko Bi Urtekoaren sari nagusia (1966), Mentoneko Bi Urtekoaren Lehen saria (1968).