saurio
izond. Zool. Errinkozefaloen ordenako izen bereko azpiordenako narrastiez esaten da. Itxuraz muskerraren antzekoak dira gehienak, gorputzaz luzaranak, lau hankakoak eta isats-luzeak. Badira, hala ere, gorputz sendokoak (kameleoia), eta hankarik ez dutenak ere (anfisbenidoen familiakoak gehienak). Saurio batzuetatik besteetara alde handiak dira neurrian; Komodoko herensugea, esate baterako, 3,5 m luze egin daiteke eta gekoa 14 cm baino asko luzeago ez da egiten. 16 bat familia biltzen dira azpiordena horretan. Horietan ezagunenak iguanidoak, agamidoak, lazertidoak, kameleontidoak eta baranidoak dira; saurio motarik ezagunenak, berriz, muskerra, kameleoia eta iguana dira.