Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sautet, Claude

Frantses zinema zuzendaria (Montrouge, Frantzia, 1924 - 2000). Arte Dekoratiboen eskolan eta Zinemagintzako Goi Eskolan egin zituen ikasketak. Zinema ikasketak bukatu bezain laster Frantziako telebistarentzat ekoizten eta idazten hasi zen. 1951n egin zuen debuta, Nous n'irons plus au bois film laburrarekin. Luzaroan, baina, ezagunago izan zen gidoi idazle gisa, eta Jacques Deray, Marcel Ophuls eta Jean-Paul Rappeneau zuzendariekin lan egin zuen. Bere lehen filmetako protagonista nagusiak Louis de Funès, Jean Paul Belmondo, Sylvia Koscina, Yves Montad eta batez ere Romy Schneider izan ziren. 1969an egin zuen bere lehen film aipagarria, Bizitzako gauzak, Paul Guimard-en eleberrian oinarri hartuta. 1979an lortu zuen, baina, nazioarteko kritikaren onespena, Une histoire simple filmarekin; urte hartako film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten. 1987an Georges Beauregard saria eta Florentziako Jaialdiko sari handia lortu zituen, Quelques jours avec moi filmarengatik. Film horiere literatura obra batean oinarritu zen, eta Frantziako garai hartako hiru antzezle onentsuenek parte hartu zuten: Daniel Auteuil, Dominic Blanc eta Sandrine Bonnairek. Hurrengo filma handik denbora puska batera egin zuen: Un coeur en hiver (1992, Bihotz bat neguan); filmak Zinemako Akademia Nazionalaren sari nagusia, Méliès saria, eta Veneziako Jaialdiko Zilarrezko Lehoia saria jaso zituen, besteak beste. Hurrengo filma ere –Nelly eta Monsieur Arnaud (1955)– saritua izan zen: Michel Serraultek antzezle onenaren Cesar saria jaso zuen eta Sautet-ek zuzendari onenarena.