Saussure, Ferdinand de
Suitzar hizkuntzalaria (Geneva, 1857 - Vufflens-sur-Morges, Vaud, 1913). XX. mendeko hizkuntzalaritzaren aitzindari nagusia da. Suitzako zientzialari familia batean sortu zen. Ikasle zela, lan baliotsuak egin zituen hizkuntza konparatuen alorrean: Mémoire sur le systčme primitif des voyelles dans les langues indo-européenes (1879, Indoeuropar hizkuntzen bokal-sistemari buruzko memoria). 1881-1891 bitartean irakasle egon zen Parisko École des Hautes Études ikastegian, eta 1901-1913 bitartean sanskritoa, indoeuropar hizkuntzak eta linguistika irakatsi zituen Genevako unibertsitatean. Gaztetako hartaz gainera, beste libururik idatzi ez zuen arren, eragin handia izan zituzten haren irakatsiek. 1916an Saussureren bi ikaslek, Charles Bally-k eta Albert Séchehaye-k, haren eskolako irakatsiak eta oharrak eman zituzten argitara Cours de linguistique générale izeneko liburuan. XX. mendeko hizkuntzalaritzaren, eta are estrukturalismoaren abiapuntu nagusitzat jo izan dute adituek obra hori. Saussure-ren arabera, gizarte fenomenoa da hizkuntza, sinkronian (garai jakin batean ageri duen izaerari dagokionez) eta diakronian (denbora zehar izan dituen aldaketei dagokionez), azter daitekeen egitura sistema. Era berean, hizkuntzen ikerketarako oinarrizko printzipio orokorrak zehaztu ondoren, garbi azaldu nahi izan zuen Saussurek hizkuntzen azterketan erabili beharreko metodologia berezia dela kasu bakoitzean. Bestalde, handik aurrera hizkuntzalaritzan arrunt bilakatu ziren bi nozio berriri egin zien sarrera: parole («hizketa»), edo hizketaldi jakina, eta langue («hizkuntza»), hizkuntza baten sistema edo egitura multzoa. Saussureren irakatsietan oinarritu ziren zuzenean estrukturalistak.
- sauna
- saunka
- Saura, Antonio
- Saura, Carlos
- saurio
- Saussure, Ferdinand de
- Sautet, Claude
- Sauvage, Catherine
- Sauve, Jeanne
- Sauvy, Alfred
- Sava