Sauguet, Henri
(Jaiotza izena, Henri Poupard). Frantses musikagilea (Bordele, 1901 - Paris, 1989). Konposizioa Joseph Canteloube-kin ikasi zuen, Vaugourgoin-en (1919). Handik urtebetara Bordelen “Hiruko taldea” sortu zuen Louis Emié poetarekin eta J.-M. Lizotte musikagilearekin. Lehenengo kontzertuak eskandalua sortu zuen Bordeleko gizartean, eta orduan erabaki zuen ezizena erabiltzea. 1922an Parisen hartu zuen bizilekua, Charles Kœchlin-ekin lanean hasi, eta berehala sartu zen hiri horretako arte higikundean. Handik urtebetera Darius Milhaudek Erik Satie aurkeztu zuen, hiru musikagile gazterekin batera, Henri Cliquet-Pleyel (1894-1963), Roger Désormière (1898-1963) eta Maxime Jacob (1906-1978). Parade lanaren egilearen omenez eman zuten beren lehenengo kontzertua 1923an. Kontzertu horretan sortu zuen Marcelle Meyer piano jotzaileak Souguet-en Hiru frantsesak. Satieren iritziz talde hura “Seiko talde”aren ondorengoa zen. Baina taldea 1925ean desegin zen. Hala eta guztiz ere, Sauguet-ek oinarrizko ideiekin jarraitu zuen lanean, alegia, akademizismoa eta erromantizismoa baztertu eta soiltasuna bilatu. Berehala nagusitu zen Parisko aretoetan, eta Étienne de Beaumont izan zuen babesle. Sauguet-en lehenengo arrakasta opera bufo bat izan zen, Le Plumet du coloner (Koronelaren luma mototsa). Ondoren Diaghilev-ek La Chatte (Katua) balleta eskatu zion eta Ida Rubinsteinek David. Bere lan nagusiak eszenatokietarako egin zituen: lirikan, La Contrebasse (1930, Kontrabaxua), La Chartreuse de Parme (1939, Parmako kantaria), Les Caprices de Marianne (1954, Marianneren apetak), Le Pain des autres (1974, Besteen ogia); koreografiari dagokionez, hogeita zazpi ballet idatzi zituen, Les Forains (1945, Atzerritarrak), La Rencontre (1948, Elkartzea), La Dame aux Camélias (1957, Kamelien dama), etab. Irrati eta telebistarako hainbat eta hainbat partitura idatzi zituen. Zinemarako ere egin zituen lanak, besteak beste, Marcel L’Herbier-en L’Épervier (1933, Gabiraia), Louis Daquin-en Premier de cordée (1944, Kordadako lehena), Henri Calef-en L’Heure de vérité (1965, Egiaren ordua). Lau sinfonia idatzi zituen, biolin, piano, biolontxelo, harmonikarako kontzertuak, kantatak, ehun melodiatik gora. 1957. urtean Italia saria eman zioten Le Prince et le Mendiant (Printzea eta eskaria) balletagatik; idazle eta musikagile dramatikoen elkarteko presidente izan zen 1969-1970 urteen bitartean, besteak beste, eta 1976an Darius Milhauden ondorengo izan zen Frantziako Institutuan.