Saudi Arabia
(Izen ofiziala, Saudi Arabiako Erresuma; Arab., Al-Mamlaka al-Arabiya as-Saudiya). Sortalde Hurbileko estatua, Arabiako penintsulako zati handia hartzen duena, Itsaso Gorriaren eta Persiako golkoaren artean. 1.960.582 km2 eta 28.146.656 biztanle (2008, saudiarabiarrak). Hiriburua: Riad (5.100.000 biztanle, riadarrak). Hizkuntza: arabiera (ofiziala). Etniak: arabiarrak % 90, afrikar-asiarrak % 10. Erlijioa: musulmanak % 100. Dirua: riala. ■ Lurraldea. Saudi Arabiak Arabiako penintsularen % 80 inguru hartzen du. Bi sakongune handi ditu, basamortuak: bata iparraldean, An Nafud; hegoaldean bestea, Ar Rub Al Khali. Bien artean Neyed sumendigunea eta Hass ordokia daude. Azkeneko toki hori da lur emankorrak dituen lurraldeko alderdi bakarra. Hass-en garia eta datilak lantzen dira, negualdiko euri urriei esker. Saudi Arabiako lurraldeko % 0,3 baizik ez da lantzen, eta herrialdean kontsumitzen diren nekazaritzako gaien % 90 inportatu behar dira. Persiako golkoko kostan dauden petrolio hobiak dira herrialde aberats horren diru iturri nagusia. Petrolioaren ustiapenak eta salmentak kutsadura arazoak sortu ditu kostaldean. Egoerak okerrera egin zuen Persiako golkoko gerran: 4,5 milioi petrolio upelen isuriak 640 kilometro hondartza eta padura petrolioz estali zituen, eta milaka arrain eta hegazti hil ziren. Nekazaritzak, bestalde, ur asko kontsumitzen du, ureztatze sistema zabalaren bidez, eta ur baliabideak agortzeko arriskua dago. ■ Biztanleak. Saudi Arabiako biztanle gehienak (% 90) arabiar jatorrikoak dira, eta afrikar eta asiar jatorrikoak dira gainerakoak. XX. mendearen erdialdetik aurrera, eta azkeneko urteetan batez ere, etorkin asko iritsi dira, Iran, Pakistan eta Palestinatik, ekialdeko industriagune berrietara. Gaur egun, atzerritarrak bost milioitik gora dira. Biztanleen hiru laurdenak baino gehiago hirietan bizi dira. Hiriburuaz gainera, Jiddah (portua eta industriagunea, Itsaso Gorrian, 3.400.000 biztanle), Meka (islamaren hiri santu nagusia, 1.294.167 biztanle), Medina (islamaren hiri santua eta kulturagunea, 1.300.000 biztanle), eta Damman (Persiako golkoko petroliogunea, 350.000 biztanle) dira hiri nagusiak. 1980tik aurrera bi industriagune handi eraiki ziren, al-Jubayl, Persiako golkoan, eta Yanbu al-Bahr, Itsaso Gorrian. Erlijioz musulmanak dira denak, musulman sunniak, gehienak; xiitak ere badira, ekialdean batez ere. ■ Ekonomia. Saudi Arabiako ekonomia nekazaritzan eta abelzaintzan oinarritu izan da, baina petrolio industriaren garapenaz gero –eta batez ere 1973tik aurrera, petrolioaren salneurriaren gorakada handiaz gero–, askotariko industria eta azpiegituren hobekuntza bultzatu du gobernuak. Aldaketa, beraz, izugarria izan da, eta oso urte gutxitan egin da gainera. Eragozpen nagusia langile aditurik edo behar bezala prestaturik ez izatea izan da. XX. mendearen azkeneko urteetan nekazaritzak eta arrantzak langileriaren % 48 hartzen zuen, merkataritzak eta zerbitzuek % 37, eta industriak % 14. Nekazaritzari izugarrizko garrantzia ematen zaio Saudi Arabian, denbora luzean herrialdea elikagaiak inportatzera behartua egon delako. Atzerritik joandako teknikari eta langile asko nekazaritza bultzatzeko proiektuetan ari dira lanean. Batez ere garia, sandiak, datilak eta tomatea egiten dira. ■ Saudi Arabiako petrolio industria 1938an hasi zen, Arabian-American Oil Company-k (Aramco) bultzatuta, petrolio hobi emankorrak aurkitu zirenean Dammam-en. Hasieran, Estatu Batuetako lau konpainia ziren Aramcoren jabeak, baina 1974az gero, saudi gobernuak hartu zuen konpainiaren kontrola. Saudi Arabiak munduko petrolio erreserba (250.000 milioi upel) eta produkzio (3.000 milioi upel urtean) handienetakoak ditu, eta munduko lehen esportatzailea da, eta, hori dela eta, herrialdeak pisu handia du Petrolio Esportatzaileen Erakundean (OPEP). 1990ean, Irakek Kuwait inbaditu zuenean, asko handitu zuen bere produkzioa. Petroliorik gehiena herrialdearen ekialdean ateratzen da, kostatik gertu, Persiako golkoan. Petrolioa merkatu nagusietara zabaltzeko, oleoduktu bat egin zen (1950ean bukatua) ekialdeko petrolio eremuetatik Mediterraneoa itsasertzeraino (Sidon, Libano), eta beste bat (1980 ondoren bukatua) Itsaso Gorriraino (Yanbu al Bahr). Nolanahi ere, petrolio gehiena petrolio ontzietan garraiatzen da, Persiako golkoko portuetatik. Petrolioaz gainera, gas naturala ere produzitzen da. XX. mendearen azkeneko hamarraldian 31.800 milioi metro kubiko gas produzitzen ziren urtean. 1975ean Saudi Arabiako gobernuak bost urteko programa bat prestatu zuen, petrolioaren diru sarrera ikaragarriak baliatuz, ekonomia aurreratzeko. Orduan sektore petrokimikoa bultzatu zen batez ere, eta gas naturala eta petrolio ustiategiak eraiki ziren horretarako; altzairu eta zementu lantegiak ere egin ziren, plangitza hura aurrera eramateko behar zen azpiegituraren eraikuntza errazteko. 1980-1985 bitartean beste plangintza bat prestatu zen, industria alorrak zabaltzeko –petrolio findua, konposatu petrokimikoak, plastikoak, elikagai prozesatuak, jantziak, ongarriak eta zementua–, eta 1985-1990 bitartean beste bat, aurrerabiderako, baina azken horrek ez zuen arrakasta handirik izan, petrolioaren prezioak –eta, beraz, diru sarrerak– behera egin zuelako. ■ Historia. 1985-1990 bitarteko plangintzak errentaren banaketa zabala agindu zuen, baina asmoak topo egin zuen lehenengo zailtasun ekonomikoekin, petrolioaren prezioaren beherakadarengatik. Industria ministroa dimisioa ematera behartu zuten, eta agerian geratu ziren errege familiaren eta saudi burgesiaren arteko desadostasun sakonak. Nolanahi ere, izugarrizko dirutzak gastatu ziren armak erosten –Estatu Batuei batez ere–, Persiako golkoko kosta Iranen balizko mehatxutik babesteko, eta gudaroste gero eta handinahiagoa eta indartsuagoa asetzeko. Irak eta Iranen arteko gerran, Saudi Arabia Iraken alde atera zen, Irango iraultza islamiarra Golkora zabalduko ote zen beldurrez. Fahd erregeak leku santuen zaindari izendatu zuen bere burua, baina urterik urte handituz joan ziren Mekako erromesen protestak Saudi Arabiaren eta Estatu Batuen arteko itunaren aurka, eta santutegien “mendebaldartzearen” aurka, dendez, autopistez eta mendebaldeko bestelako sinboloez inguraturik. 1987ko abuztuaren 1ean poliziak tiroka sakabanatu zuen irandar emakume eta soldadu elbarrituen manifiestazio bat, eta ehunka erromes hil ziren. Errepresalia gisa su eman zieten Saudi Arabiako eta Kuwaiteko enbaxadei Teheranen, eta izugarri gaiztotu ziren bi herrialdeen arteko harremanak. 1990eko hasieran Amnesty International erakundeak Saudi Arabiako gobernua salatu zuen oposizioko politikarien eta sindikatuetako buruzagien eskubideak behin eta berriro urratzeaz eta horretarako tortura erabiltzeaz. 1990ean, Irakek Kuwait inbaditu zuenean, nazio askoko armaden gudaroste handi bat –Estatu Batuen gidaritzapean– zabaldu zen Saudi Arabian. Gerrak, jende askoren heriotzaz gainera, hondamen ekologiko ikaragarriak eragin zituen. Gerra bukatuta, Saudi Arabiak 14.000 milioi dolar inguru gastatu zuen Estatu Batuei armak erosten. 1992ko martxoan, Fahd erregeak zenbait dekretu eman zituen aginpide politikoa deszentralizatzeko. Dena dela, berak du beti azken hitza. Errege dekretu horren bidez, eta beste neurri batzuen artean, «mutawein» edo erlijio polizia sortu zen, islamaren ohiturak betetzen direla begiratzeko agindua duena. Saudi Arabiako legearen arabera etxea leku sakratua da, eta erlijio polizia bertan sar daiteke inolako baimenik gabe. Persiako golkoko gerrak agerian utzi zuen Saudi Arabiak Estatu Batuei buruz duen morrontza politiko-militarra. 1992an Fhadek bere anaia Abdullah Ibn Abdul Aziz al-Saud izendatu zuen oinordeko. Amnesty International bezalako giza eskubideen defentsarako erakundeek kristauen eta musulman xiiten –baita sunnien ere– bidegabeko atxiloketak salatu zituzten. Ekonomiari dagokionez, 1994an, Fahdek enpresa estatal handiak –hegazkintza eta telefono konpainia nazionalak, esate baterako– pribatizatzeko asmoa adierazi zuen. 1995ean petrolioaren prezioa pixka bat igo bazen ere, erregeak gastu publikoa murrizteko agindu zuen (% 20ko murrizketa hezkuntzan, adibidez). Saudiarabiar askorentzat Estatu Batuak etsaia direla ageriago geratu zen garai hartan. Izan ere, Estatu Batuetako jarrerak, gogor jokatuz Iraken kontra eta askoz bigunago Israelekin, guztiz suminduta dauzka arabiar asko eta asko. 1995eko azaroan, gutxienez sei pertsona hil ziren Riaden, Estatu Batuetako kontseilariak izaten ziren lokal baten aurkako atentatuan. 1996ko ekainean, 19 soldadu hil eta ehunka zauritu ziren lehergai handi batek eztanda egin zuenean. Urte hartan bertan, Arabia Saudi munduko arma eroslerik handienetako bat dela jakin zen. ■ Saudi Arabia monarkia bat da eta sistema feudal baten gisa egituratuta dago, non Al-Saud dinastiak gobernatzen baitu erabateko aginpidez; 1992ko Oinarrizko Legearen arabera, Abdelaziz bin Saud lehenengo erregearen ondorengoak besterik ezin dira izan Arabiako erregeak, eta Korana da herrialdearen konstituzioa, alegia, islamiar legea edo Sharia da legearen neurria. Ez dago alderdi politikorik, ezta hauteskunderik ere —salbuespenez, 2005ean egin ziren lehenengo udal hauteskundeak—. Erregea da agintari absolutua, eta errege familiaren, buruzagi erlijiosoen eta gizarteko hainbat kide garrantzitsuren iritziak hartu behar izaten ditu kontuan, teorian bederen. Salafia da estatuaren ideologia, eta haren eraginez Saudi Arabiak mezkitak eta madrasak (koran eskolak) eraikitzea sustatzen du mundu osoan. Legeak ezarritako zigorrak oso gogorrak dira eta torturatzat salatu izan ditu nazioarteko hainbat erakundek; heriotza zigorra ere indarrean dago eta bete-betean aplikatzen da.
http://www.nationsonline.org/oneworld/saudi_arabia.htm