Saturno
Astr. Eguzki sistemako planeta. Eguzkiaren bigarren planetarik handiena da, eta seigarren lekua du Eguzkitik abiatuta. Oso trinkotasun txikia du: 0,72 g/cm3; ezagutzen diren beste planetena baino txikiagoa da. Diametroa Lurrarena baino 9,3 aldiz handiagoa du (120.660 km ekuatorean), eta duen errotazio lastertasun handiagatik iparburua eta hegoburua zapaldu samarrak ditu. Egunaren iraupena Saturnon 10 ordu eta 14 minututakoa da, eta Eguzkiari bira ematen 29 urte eta 167 egun behar ditu. Saturnoren ezaugarri nagusia ekuatorean dituen izotzezko eta harrizko 4 eraztunak dira. Eguratsa hidrogenoz eta helioz osatua da bereziki, nahiz eta metanoa eta amoniakoa ere badiren, kopuru txikiagoetan. Inguruan 15 satelite ditu, Titan besteren artean; horietako gehienek planetaren ekuatorean dituzte orbitak. Voyager I eta II zundak haraino iritsi ziren 1980an eta 1981ean hurrenez hurren.