Satué, Enric
Katalan grafista eta teorialaria (Bartzelona, 1938). XX. mendearen azken hereneko diseinugile nagusietako bat, bai bere ekarpen praktikoengatik bai bere azterketa kritiko espezializatuengatik. Bartzelonako Arte Ederretako Fakultatean egin zituen ikasketak. Ikasketak bukatu ondoren, publizitate agentzia batentzat lan egin zuen, baina 1970ean beregain hastea erabaki zuen, diseinatzaile grafiko gisa, CAU arkitektura eta hirigintza aldizkari berriaren enkargu bati esker. Harrezkero grafismoaren alor guztiak landu ditu: argitalpenak –Arquitectura Bis (1974-1985) eta Diari de Barcelona (1987-1988) aldizkariak argitaratu ditu–, kartelak, etab. 1982tik aurrera saiakera teorikoak eta historiografikoak argitaratu ditu, katalanez zein gaztelaniaz: El diseño gráfico. Desde los orígenes hasta nuestros días (1988) obra, adibidez, erreferentzia liburua da gai hori sakondu nahi dutenentzat. 1988an Diseinuaren Sari Nazionala jaso zuen, bere ibilbide profesional oparoaren ezagutza. Enric Satuék maisutasunez elkartu ditu Otl Aicher, Daniel Gil, Milton Glaser edota Javier Mariscal-en ekarpenak Kataluniako ikonografia errotuenaren erreferentziekin.