Antso Va Ramirez
Aragoi (1063-1094 urteetan) eta Nafarroako (1076-1094 urteetan) erregea (1043-1094). Ramiro I.a Aragoiko errege eta Emersinda Bigorrako kondearen alabaren semea. Bernart Roger Bigorrako kondearen biloba zen amaren aldetik, eta Antso Handia eta Antsa Oibarrekoa haren amorantearen biloba aitaren aldetik. Bi aldiz ezkondu zen, eta Petri I.a Ramirez Aragoiko eta Iruñeko erregea, Alfontso Ramirez I.a Gudularia Aragoiko eta Iruñeko erregea, eta Ramiro II.a Aragoiko erregea izan zituen semeak. Ramiro I.aren heriotzak (Graus, 1061, musulmanen aurkako guduan) mairuen aurkako gurutzada sail bat ekarri zuen (Alexandro II.a, 1063). Lehenaren ondorioz Graus eta Barbastro hartu ziren, bigarrenak porrot egin zuen hasi baino lehen, eta hirugarrenean, Tutera hartzea deliberatu bazuten ere, ez zen halakorik gertatu, Gaztelako erregeak eta bere aliatu europarrek ez baitzuten Antso V.a Aragoiko erregearen nagusigoa onartu. Antso V.a musulmanen aurka borrokatu zen bizitza guztian, Oska eta Zaragozako mairuen aurka eta, hain zuzen ere, Oskako setioan hil zen 1094. urtean. 1067an Antso I.a Gaztelako erregea Nafarroako lurraldeetan sartu eta aragoitarrek gaztelarrak garaitu zituzten Vianan (Hiru Antsoen gerra). Antso IV.aren etsaia zen, eta Iruñera joan zen hura hil zenean eta, errege bihurturik, gudarostea bildu zuen Errioxako lurrak hartuak zituen Alfontso VI.a Gaztelako erregeari aurre egiteko. Aurreko errege nafarrak ez bezala, Antso V.ak onartu zuen Erromako elizaren nagusigoa. Ekialdeko lurraldeetan barneratu zen eta Culla hartu zuen (Castellon, 1093).