Antso IIIa Gartzeitz, Antso Handia
Nafarroako erregea (992-1035). Gartzea Santxeitz II.a Ikaratiaren eta Ximena Fernandez Leongoaren semea. Nafarroako lehen erregetzat eta XI. mendeko Espainiako erregerik garrantzizkoenetakotzat hartu ohi da. Kordobako kalifa herriaren ahulaldiaz eta ezkontzaz lortu zituen harremanez baliatu zen bere asmoak aurrera eramateko. Gaztelaren eta Iruñeko erresumaren arteko mugak ondo finkatuta uztea zuen lehen helburua; Gaztelako konde Gartzea Santxeitz II.ren alaba Muniarekin ezkonduz lortu zuen hori (1016). Bien lurraldeen arteko harremanak sendotu zituen berebat. Sobrarbeko eta Ribagorzako konderriak bereganatzea ere lortu zuen (1019), bere emaztea Ribagorzako kondesaren iloba txikia baitzen. Bestalde Kataluniako konderrian Ermesinda eta Berenguer Ramiro I.a ama-semeek beren artean zerabiltzaten konpon ezinetan Ramiro I.ari laguntza eskaini zion, eta hari esker lortu zuen Kataluniako konderrian esku izatea. Laburdiko kondeordekotza (1023), berriz, bere osaba Antso Gileni Tolosako (Frantzia) kondeen aurkako gatazketan laguntzeagatik lortu zuen. Bere arreba Urraka Leongo Alfontso V.rekin ezkonarazi zuen, bestalde, 1029an, Garcia Gaztelako kondea hil zutenean; Gaztelako konderrian sartu eta, lurralde horrez gainera, Cea eta Pisuerga ibaien arteko lurraldeak eskuratu nahi izan zituen, baina Leongo errege Bermudo III.ak gerra deklaratu zion. Hainbat gatazkaren ondoren Leon, Astorga eta Zamora bereganatu zituen, baina Leon hiriari ez zion denbora luzean eutsi. Hil aurretik semeen artean banatu zuen bere erresuma. Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Bureba eta Errioxa Gartzesen esku utzi zituen; Gaztelako konderria Fernandoren esku eta Sobrarbe eta Ribagorza Gonzaloren esku. Politikan ez ezik kulturan ere itzal handia izan zuen Antso III.ak: klunitarren erreforma sartu zuen monasterioetan; haren garaian lortu zuten San Joan de la Peñak eta Leireko monasterioek beren ospearen gorena, eta Santiagoko Bidearen Nafarroako zatia zabaldu zuen. Erdi Aroko erakunde politiko nagusiak ere Antso Handiaren garaian eta haren eraginez sendotu ziren, Gortea eta gremioak, besteak beste.
- Antso Gilen
- Antso Ia Gartzeiz
- Antso Ia Gizena
- Antso Ia
- Antso IIa Abarka
- Antso IIIa Gartzeitz, Antso Handia
- Antso IVa Gartzeitz Peñalengoa
- Antso Va Ramirez
- Antso VIa Jakituna
- Antso VIIa Azkarra
- Antso