Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antso

Portugalgo bi erregeren izena.  v  Antso I.a Populatzailea. Portugalgo erregea 1185-1211 urteetan (Coimbra, 1154 - Coimbra, 1211). 1185. urtean errege izendatu zutenean foruez gobernatzeko eskubidea eman zien hiri batzuei (Bragantzako eta Viseuko hiriei, besteak beste) eta lurralde zabalak eman zizkien Temple, Hospital eta Calatravako ordenei. 1189. urtean, frisiar eta daniarren laguntzaz, Algarveko zenbait hiri konkistatu zituen, baina musulmanek aurrera egin zuten eta Santarem-en ezkutatu behar izan zuen Antsok. 1190. urtean Leon eta Aragoiko erresumekin hitzartu zen Gaztelakoari aurre egiteko, baina 1196an Antsoren eta Gaztelako Alfontso VIII.aren arteko hitzarmena sinatu zen eta Leongo erresumaren aurka abiatu zen. Antsok Galiziako lurraldeak konkistatu zituenean Alfontso VIII.ak Bragançako hiria setiatu zuen (1199). 1200. urtean Portugal eta Leonen arteko bakea sinatu zuten. v Antso II.a. Portugalgo erregea 1233-1248 urteetan, Alfontso II.aren eta Gaztelako Urrakaren semea (Coimbra, 1207 - Toledo, 1248). Portugalgo hegoaldeko lurraldeak konkistatu zizkien musulmanei. Elizarekiko neurri zorrotzak hartu bazituen ere, ezin izan zien aurre egin nobleziari eta goi mailako apaizgoari. Nobleak eta apaizak Inozentzio IV.a Aita Santuaren aurrean kexu agertu ziren, erregearen gehiegikeriak eta Lope Diaz Harokoa Bizkaiko jaunaren alabarekin ezkontzeko zituen asmoak zirela eta. Aita Santuak errege kargutik kendu zuen Antso (1245, Lyongo kontzilioa) eta hiru urtez borrokatu ondoren Toledora erretiratu zen betiko.