Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antso

Gaztelako lau nobleren izena. v Antso I.a Gartzeitz. Arabako eta Gaztelako kondea 995-1017 urteetan, Garcia Fernandez-en eta Ribagorzako Abaren semea (1017an hila). Su-eten bat sinatu zuen Almanzor-ekin (995) eta Gaztelako errege bihurtu zen. 1000. urtean kristauen koalizioaren buru zela, musulmanen aurkako erasoaren gidari izan zen, eta Almanzor garaitu zuen. Almanzor hil zenean (1002) haren semearen aurka borrokatu zen Antso Gartzea. Berberiarrei lagundu zien ondoren eta, berberiar bat Kordobako erregetzan jarri zuenean, Duero ibaiaren ibilguan zeharreko leku garrantzitsuak (San Esteban, Clunia, Gormaz, Osma, Atienza, Sepulveda) eskaini zizkion errege berberiarrak Antso Gartzeari. Araba eta Asturiasko konde izendatu zuen bere burua, eta harreman onak izan zituen garai hartako errege kristau garrantzitsuenekin. v Antso II.a Azkarra. Gaztelako erregea 1066-1072 urteetan eta Leongoa 1072an, Fernando I.aren eta Antsa Leongoaren seme nagusia (1038? - 1072). Aginpidera heldu zenean Rodrigo Diaz de Vivar alferez izendatu zuen, erresumako mugak zabaltzea zuela helburu. Nafarroako Antso IV.ari egin zion eraso eta 1067. urtean Okako mendiak, Bureba eta Pancorbo eskuratu zituen. Aitaren mendeko erresuma guztia bereganatu nahi izan zuen eta anaia Alfontsori, Leongo erregeari, aurre egin zion (1068). Antso izan zen garaile eta bi anaiek bat eginik, hirugarren anaiaren aurka egin zuten. Hura garaitu ondoren Galiziako erresuma bi anaien artean banatu zuten. 1072. urtean berriro ere borrokatu ziren Antso eta Alfontso anaiak; Antsok irabazi zuen, eta Leongo hirian sartu zenean errege egin zuten. Arreba Urrakak, ez baitzuen errege berria onartzen, Leongo noblezia bildu zuen bere ingurura eta Antso erregeak hiria setiatu behar izan zuen. Setioan hil zen.  v  Antso III.a. Gaztelako erregea 1157-1158 urteetan, Gaztelako Alfontso VII.aren eta Berenguelaren seme nagusia (1133 - Toledo, 1158). Aita hil zenean izendatu zuten Gaztelako errege. 1158. urtean Bartzelonako Ramon Berenguer IV.arekin hitzartu zen eta haren mendekotasunaren truke Zaragoza, Calatayud eta aitak konkistatutako hiri gehiago itzuli zizkion Bartzelonako kondeari. 1158. urtean Calatravako ordena sortu zuen musulmanei aurre egiteko. v Antso IV.a Ausarta. Gaztelako erregea 1284-1295 urteetan, Alfontso X.aren bigarren semea (1258 - Toledo, 1295). Anaia Fernando hil zenean, oinordeko izendatu zuten Fernandoren semeen kalterako. Benimerindarrei aurre egin behar izan zien eta aita hil zenean errege egin zuten (1284). Aragoiko Alfontso III.aren aurka borrokatu zen; Aragoiko Jaime II.arekin hitzartu zen (1291, Monteagudoko hitzarmena) eta musulmanen mende zegoen Tarifako hiria hartu zuen.