Antso Ia Gizena
Leongo erregea 956-958 eta 960-965 urteetan, Ramiro II.aren eta Urrakaren semea (965. urtean hila). Anaia Ordoño III.a Leongo errege zen garaian, haren kargua bete nahi izan zuen nafarren eta gaztelarren laguntzaz, baina huts egin zuen eta Nafarroara erbesteratu behar izan zuen. 956. urtean hil zen Ordoño, eta Antso izendatu zuten haren ondorengo. Bere agintaldian nobleeri aurre egin behar izan zien, gorroto baitzioten erregeari, besteak beste, lodiegia zelako armak hartu eta borrokatzeko. Ordoño IV.a Gaiztoa hautatu zuen errege eta, berriro ere, Nafarroara erbesteratu zen Antso. Loditasun gaitzaz sendatu zenean bere erresumarantz abiatu zen, musulman gudaroste bateko buru zela. Zamora hartu ondoren (960) Asturiasa ihes egin behar izan zuen Ordoño IV.ak, eta Antsok koroa berreskuratu zuen. Nafarroa, Gaztela eta Bartzelonarekin hitzartu zen al-Hakam kalifari aurre egiteko. Pozoituta hil zen.