Antso VIa Jakituna
Nafarroako erregea 1150-1194 urteetan (1128 inguruan - 1194). Gartzea IV.a Ramirez Berritzailearen eta Margarita L’Aiglekoaren semea zen. 1157. urtean Antsa Beatriz Alfontso VII.a Leongo errege eta Berengaria Bartzelonakoaren alabarekin ezkondu zen. Hauek izan ziren Antso VI.aren seme-alabak: Antso VII.a Azkarra (1158?-1234), Nafarroako erregea; Fernando Santxoiz edo Santxez, 1202an Tuteran hila; Ramiro, Iruñeko apezpikua (1220-1229); Berengaria, Rikardo Lehoi Bihotzarekin ezkondua (1191); Konstantza; Blanka, Teodebaldo Champagne eta Briekoarekin ezkondua, eta Tibalt I.a Trobalaria, Nafarroako Champagne etxeko lehen erregearen ama. Antso Jakitunaren erreinaldian Gaztelarekiko gatazkek berean iraun zuten Errioxa zela eta, Araba eta Gipuzkoako hazkunde demografikoa arautu eta sendotu zen (hiri-gutunak eta foruak, Gasteiz eta Donostia barne), sistema zistertar berria bultzatu zuen, legedia eta administrazioa arautu ziren. Nafarroako lehen egiazko erregea izan zen, Rex Navarrorum, ordu arteko Rex Pampilonensium titulua baztertuta. Erreinaldiaren hasiera zaila izan zuen, ordea. 1151ko urtarrilaren 27an, Alfontso VII.a Leon eta Gaztelakoak eta Ramon Berenguer IV.a Bartzelonako kondeak Tudellenen (Fitero aldean) sinatu zuten hitzarmenaren arabera, enperadore gaztelarrarentzat izango ziren musulman eta nafarrei kenduriko lurralde guztiak. Alfontso VII.ak, ostera, Antso VI.arekin elkar hartu eta 1153an Sorian sinaturiko itunaren arabera errege nafarra Gaztelakoaren mendean geratu zen, ezkontzaren (Antsa Beatriz enperadorearen alaba zen), lurralde batzuen (Artaxona, Larraga eta Zebror Urraka enperadorearen alabarentzat geratu ziren) eta bakearen truke. Alfontso VII.a hil zenean (1157), Antso III.a egin zuten Leon eta Gaztelako errege, eta Antso Jakitunak mendekotasuna aitortu bazion ere, Artaxona, Larraga eta Zebror berreskuratu zituen. Antso III.a hil zenean (1158), Antso Jakitunak, bere arreba Blankaren seme Alfontso VIII.aren adin txikiaz baliaturik, Logroño, Nafarrate, Cerezo eta Briviesca hartu zituen, Oka mendietako antzinako muga-lurretara hurbilduz. 1167. urtean Alfontso VIII.aren tutoreek 10 urteko su-etena eskatu zuten eta 1173an, Alfontso VIII.a Gudulariak, errege harrezkero, osaba setiatu zuen Leginen eta Iruñeraino eraso zion. Alfontso VIII.ak Errioxako herriak hartu eta Iruñea setiatu zuen. Antso VI.ak hala eskatuta, negoziazioa eta Ingalaterrako erregearen bitartekaritza onartu zituen errege gaztelarrak. Ingalaterrako erregeak Errioxa Gaztelako koroari zegokiola erabaki eta Fiteroko akordioak hala berretsi zuen erabakia (1179ko apirila). Aragoiri dagokionez, 1162. urtean Ramon Berenguer IV.a hil eta Alfontso II.a Aratza izendatu zuten Aragoiko errege. Urte bereko abenduaren 19an Antso Jakitunak eta Alfontso II.ak Zangozan sinaturiko hitzarmenean hogei urteko bakealdiari hasiera eman eta Valentziako erregeari kenduriko lurralde guztiak banatzea erabaki zuten. 1190eko irailaren 7an, Antso VI.ak eta Alfontso II.ak Gaztelako erregearen aurkako aliantza erabaki zuten. Alfontso IX.a Leongoak eta Antso I.a Portugalgoak ere onartu zuten itun hau. Antso VI.ak, bestalde, berebiziko garrantzia hartu zuen Euskal Herri barnean, Nafarroakoez gainera, gotorleku eta hiri ugari eraiki eta sorrarazi baitzituen Araban eta Gipuzkoan.