Rulfo, Juan
Mexikar idazlea (Sayula, Jalisco, 1918 - Mexiko, 1986). Hego Amerikako literaturako “errealismo magikoaren” aitzindari nagusietako bat izan zen. Dirutza handia utzi zion familia lurjabe aberats batean sortu zen. Mexiko-ko hirira joan zen 1933an eta han hasi zen idazten, kautxu-konpainia batean ziharduen bitartean. Guadalajarako Pan aldizkarian argitaratu zituen El llano en llamas (1953, Lautada sutan, Koldo Etxabek 1986an euskarara itzulia) ipuin bilduman aurkeztuko zituen ipuin gehienak (hamabost guztira). Nekazarien bizimodu gogorra agertzen du obra horretan, eta gerokoan Latinoamerika osoan guztiz zabalduko ziren kontakizun teknikez baliatu zen (barne bakarrizketa, flashback, ikuspegi desberdinak). Pedro Páramo eleberria idatzi zuen 1955ean, jauntxo baten hondatze fisikoa eta morala kontatzen duena. Institutu Nacional Indigenista erakundeko argitaletxearen zuzendari izan zen.