Rotterdam
Herri Behereetako hiria eta portua, Hego Holandako probintzian, Mass ibaiaren (Rhin eta Mosa ibaien adarra) bokalean, Iparraldeko itsasotik 30 km-ra (Nieuwe Waterweg edo Ubide Berria ubideak lotzen ditu hiria eta itsasoa). 582.266 biztanle (1.024.702 biztanle ditu hirialdeak). Europako lehen portua da merkataritza jarduerari dagokionez (Alemania eta Suitzarako sarbidea) eta Herri Behereetako bigarren hiria biztanle kopuruari dagokionez. Unibertsitatea. Aireportua. v Ekonomia. Portuko jardueraren inguruan oinarritua da ekonomia jarduera nagusia. Azpiegitura sendo eta modernoez hornitua da portua; kai kilometro asko ditu, eta petrolioa esportatzen da batez ere. Portuan iturburua duten petrolio-bideak Amsterdam, Anberes eta mendebaleko Alemaniako hirietaraino heltzen dira, produktu finduak Alemaniara esportatzen dira, nafta Linburgora eta etilenoa Terneuzen-era (Zeelanda). Industriak ere garrantzi handia du hiriko ekonomian: ontziolak, kimika industria, petrolio findegiak, janari industria, ehungintza, tresneria elektrikoak eta mekanikoak eta automobilgintza. v Historia. 1283. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Rotterdam. Arrantzale herria zen 1328. urtean hiri-gutuna jaso zuenean eta 1340an jaso zuen Schie ibaiaren inguruan ur-hesia eraikitzeko baimena. Probintziako portu nagusi bihurtu zen berehala, eta XVII. mendean, Indietarako itsas bidea aurkitutakoan, oparotasun handia izan zuen ontzigintzari eta merkataritza harremanei esker. Portuko kaiak zabaldu zituzten Mass ibaiaren ertzetan eta mende bukaerarako Herri Behereetako bigarren portua zen Amsterdamgoaren atzetik. XVIII. mendean, berriz, hiriko ekonomiak gainbehera izan zuen frantziarren okupazioaren ondorioz (Ingalaterrak eginiko blokeoa, Anberesko portua bultzatzeko saioak). 1866-1872 urteetan Ubide Berria eraiki zuten eta, berebiziko ekonomia bultzada izan zen hirian, Renaniako itsasorako irtenbide bilakatu baitzen. Kai berriak egin ziren XX. mende hasieratik, baita langileentzako auzo berriak ere, baina Bigarren Mundu Gerran hiriaren erdigunea eta portuko eraikuntzak suntsitu zituzten hegazkin eraso ikaragarriak izan ziren. 1946. urteko hirigintza plangintzek eta kai berriek (Europoort, Nieuwe Waterweg, Calandkanaal) bultzada berria eman zioten hiriari eta portuari. Monumentu gehienak aipatutako bonbardaketetan suntsitu zituzten. Gaur egun aipagarriak dira zooa (Europako zoorik aberatsenetako bat), Boymans Van Beuningen museoa, Mijddelheim museoa, Geografia eta Etnografia museoa, Itsas museoa eta Historia museoa.