Rostropovitx, Mstislav
Errusiar biolontxelo jotzailea (Baku, Azerbaijan, 1927 – Mosku, 2007) Moskuko kontserbatorioan egin zituen ikasketak, eta 1957. urtean irakasle izendatu zuten. 1950. urtetik aurrera kontzertuak eman ditu Europan eta Amerikan, arrakasta handiarekin. 1970. ondorengo urteetan sobietar gobernuari aurka egiteagatik herritartasuna kendu zieten berari eta emazteari, Bolshoi operako sopranoa zen Galina Vishnevskayari. 1977. urtetik Washington D.C.ko orkestra sinfonikoko musika zuzendaria izan zen. 1989an berreskuratu zuen sobietar herritartasuna, eta hurrengo urtean, hamasei urteko erbestealdi baten ondoren, emanaldi bat eskaini zuen Sobietar Batasunean. 1991n Moskura joan zen demokrazia sortu berriarekin, estatu kolpearen mehatxupean baitzen, bere elkartasuna erakustera; bera izan zen Eltsinen ondoan egon zen intelektual famatuena. Bereziki interesatzen zitzaion Johan Sebastian Bach-en obra, eta haren suiteak grabatzea izan zuen azken urteetako proiekturik handiena (1995). Sari asko jaso zituen, eta 30 honoris causa doktorego, mundu osoan.