Rota auzitegia
(Tribunal della Sacra Romana Rota-ren laburdura). Zuz. Eliza katolikoak beheragoko mailako eliza barrutietako auzitegiek emandako sententzien kontra auzitan gora jotako gaiak epaitzeko Vatikano hirian duen auzitegia. Auzitegiak hamar epaile ditu; Aita Santuak izendatzen ditu eta apaizak eta Elizaren zuzenbidean doktoreak izan behar dute, haien hartean zaharrena epaile nagusi dela. Badu salatzaile bat, Aita Santuak izendatua hura ere, abokatuak, maiz laikoak direnak, eta idazkari bat. Rota auzitegiaren sententzia bat epaitutako auzitzat jotzen ez denean, erabaki horren aurka bigarren edo hirugarren aldiz aurkez daitezke beste epaile batzuek epai dezaten. Madrilen bada beste Rota auzitegi bat, Espainian emandako sententziak epaitzen dituena, baina ez da goi mailako auzitegia eta beraz haren sententzien aurka Erromako Rota auzitegietara jo daiteke.