Rota, Nino
Italiar musikagilea (Milan, 1911 - Erroma, 1979). Musika ikasketak Erroman egin zituen. Hamaika urterekin oratorio bat idatzi zuen. Aldi batez Estatu Batuetan egon ondoren, 1938an Tarentoko musika lizeoko zuzendari izendatu zuten eta 1939an Bariko kontserbatorioko zuzendari. Pianorako eta orkestrarako musika, sinfoniak eta Ariodante (1942), I due timidi (1950) eta Il cappello di paglia di Firenze (1955) operak idatzi zituen. Baina musika lan gehienak zinemarako egin zituen eta alor horretan izan zen ospetsu. 1933an sortu zuen zinemarako bere lehen lana, Raffaello Matarazzoren Treno popolare filmaren musika. Hasieran italiar zinemagileentzat bakarrik lan egin zuen, eta higikunde neoerrealistan parte hartu zuen. 1952tik aurrera Federico Fellini zinema zuzendariaren film guztien musika sortu zuen eta horrez gainera, beste film askoren musika idatzi zuen: War and Peace, Rocco e i suoi fratelli, Il gattopardo, The Goodfather I, The Goodfather II; azken horregatik Oscar saria jaso zuen.