Roger de Taizé
(Jaiotza izena, Roger-Louis Schutz-Marsauche). Frantses erlijiosoa, Taizé kristau komunitate protestantearen sortzailea (Proventza, 1915). Aita komunitate hartako artzaina zuen, eta hark erakutsi zizkion gerora predikatu zituen ideia erlijiosoak. 1940an erlijio komunitate bat sortu zuen Taizé herrixkan, Clunytik hurbil, gizakia bere kideko guztiekin harmonian jartzeko helburuarekin. 70 lagunetik gorako komunitatea osatu zuen, eta jende asko erakartzea lortu, munduko bakearen alde zabaltzen duten mezuarekin, batez ere. Roger de Taizék zenbait liburu idatzi ditu, hain zuzen ere, bakearen aldeko bere doktrinaren berri emanez, adibidez, Behin-behinekoaren dinamika (1965) eta Baketsuen biolentzia (1968). 1953an komunitatearen Araua osatu zen, Roger de Taizéren bizitzan eta komunitatearen esperientzietan oinarriturik. Beren fedearen oinarrizko idatzia Heidelbergen doktrina da, zenbait aldaketarekin, eta protestantismo erreformista edo kalbinistatzat hartua izan daitekeen arren, Taizéko komunitateak ez du onartzen aurreko inongo doktrina protestanteren barruan sailkatzea bere fedea.