Rogers, Carl Ransom
Estatubatuar psikologoa (Illinois, 1902). New Yorkeko Union Theological Seminaryn graduatu eta ordenatu zen, eta ondoren psikologia klinikoko ikasketak egin eta doktoregoa eskuratu zuen Columbiako Unibertsitatean. Psikologo gisa lan egin zuen Haurren kontrako Ankerkeriaren Prebentziorako Elkartean, haurren orientazio sailean, Rochesterren. Irakasle ere izan zen zenbait unibertsitatetan, eta Pertsonen Ikerketarako Zentroa sortu zuen bere lankideekin. Bezeroarengan oinarrituriko terapiaren alde egon zen; Rogersen ustez, norberari buruzko iritzia funtsezko aldagaia da izaeraren antolaketan, eta sentimenak argitzea eta onartzea ezinbestekoa, berriz, psikoterapian. Rogersen iritzian, terapeutak den bezala agertu behar du, antzezpenik eta itxurarik egin gabe, eta enpatia eta bezeroaren arazoak ulertzeko gaitasuna izan behar du. Norbere buruaren kontzeptuaz gainera, norbere buruaren kontzeptu ideala du gizabanakoak, Rogersen ustez, izan nahi duen hori edo bere ustez izan beharko litzatekeen hori da, hain zuzen ere, kontzeptu ideala. Rogersek garrantzi handiko ekarpenak egin ditu psikoterapian, baina norbere buruari buruzko bere teoriak oso zailak dira ebaluatzen. Psikoterapiaren inguruko zenbait lan argitaratu ditu.
- Roger de Lauria
- Roger de Taizé
- Roger Ia
- Roger
- Roger
- Rogers, Carl Ransom
- Rogers, Ginger
- Rogers, Richard
- Rogers, Shorty
- Roh Tae Woo
- Rohan-go dukea