Röentgen, Wilhelm Conrad
Alemaniar fisikaria (Lennep, Renania, 1845 - Munich, 1923). Fisikako irakasle izan zen Estrasburgo-n, Giessen-en eta Würzburg-en. 1900. urtean Munich-eko unibertsitateko fisikako katedra lortu zuen, eta hiri berean sortu berria zen fisika institutuko zuzendari izendatu zuten. 1885ean dielektriko polarizatu batek korronte elektrikoaren efektu magnetiko berberak sortzen dituela frogatu zuen. 1895ean X izpiak aurkitu zituen, eta horregatik da batez ere ezaguna. X izpiak izena Roentgen-ek jarri zien, ez baitzekien zer zire, eta gaur egun ere horrela deitzen dira; hala ere, zientzialariek hasieran Roentgen izpiak deitu zieten. Izpi horiek lerro zuzenean hedatzen direla, eta eremu magnetikoek eta elektrikoek ez dituztela desbideratzen frogatu zuen. Airearen ioitzea sortzen dutela ere ikusi zuen. Ezin izan zuen frogatu X izpien uhin izaera, huts egin baitzuen bere saioetan. 1901ean Fisika Nobel saria eman zioten.