Rodari, Gianni
Italiar idazlea (Omegna, Piamonte, 1920 - Erroma, 1980). Irakasle, kazetari, pedagogo eta abar izan zen, eta 1950. urte inguruan hasi zen literaturan. Rodarik berak zioenez, Maggiore aintziraren inguruan haurren irakasle jardun zuen garaian berak asmaturiko kontakizunak esaten zizkien haurrei, errealitatearekin batere loturarik gabeko kontakizunak, eta askotan surrealismoak darabiltzan teknika berberei jarraituz osatuak. Horrela, Rodarik "haurrentzako kontakizunen asmatzaile" deitura eman zion bere buruari, eta bere obra askotan (Zer gertatuko da aitona katu bihurtzen bada?, 1969; Istorioen nahas-mahasa, 1971; Barre egiteko istorioak, 1971) kontakizun berriak asmatzeko modua iradokitzen die aldi berean irakurleei, betiere irudimena eta hura kitzikatzeko teknikak erabiliz, eta orobat proposatzen die kontakizun horiek haurren hizkuntza heziketarako tresna moduan erabiltzea. Bere karreran zehar hogei liburutik gora idatzi zituen, umore finaz eta irudimen zorrotzaz hornituak, ironia handikoak. Azpimarratzekoak dira, besteak beste, Telefonozko ipuinak (1961), Tarta balioetsia (1966), Gondola fantasma (1978) edota Midas erregearen istorioa (1983). 1970. urtean haur literaturako Nobeltzat hartua den Hans Christian Andersen saria eman zioten.