Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rodas

(Gr. Rhodas). Greziako uhartea, Egeo itsasoan, Dodekanisos uhartediko uharte nagusia, uhartediaren hego-ekialdean, Turkiatik Marmarako itsasarteak bereizten duena. 1.398 km2 eta 87.831 biztanle. Hiriburua, Rodas (40.392 biztanle). 77 km-ko luzera du eta Ataviro da gailur garaiena (1.215 m). Nekazaritza (laboreak, kotoia, tabakoa, mahatsa), arrantza (esponjak) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Aurretik Grezia kontinentala konkistatua zuten herri doriarrek inbaditu zuten Rodas. K.a. VI eta V. mendeetan Atenas-eko hiriko aliatuak ziren Rodaskoak, K.a. 412. urtean Espartako hiriarekin bat egin zuten arte. K.a. V. mendean hiri berri bat hasi ziren eraikitzen uhartearen iparraldeko muturrean, Mediterraneoko merkataritzagunerik handienetakoa bihurtuko zena. K.a. IV. mendearen hasieran Koloso deritzan brontzezko estatua eraikitzen hasi ziren Rodasko biztanleak, antzinako biztanleen arabera munduko zazpi gauza miragarrietako bat zena. K.a. 227. urtean hiria erabat suntsitu zuen lurrikara bortitz batek. Geroago Erromaren aliatua izan zen eta Zesar-i lagundu zion, baina Casio jeneral erromatarrak hiriari eraso eta gainbehera etorri zen hiriko ekonomia. Bizantziar inperioaren mende zegoenean bi aldiz konkistatu zuten musulmanek. Veneziaren babespean izan zen ondoren, baina San Joan Jerusalemgo zaldunek hartu zuten eta turkiarrei aurre egiteko gortorleku bihurtu zuten. Turkiarrek behin eta berriz eraso zuten; San Joan Jerusalemgo zaldunak, geroago Maltako ordenekoak izango zirenak, uhartetik egotzi zituzten (1523). Geroztik turkiarren mende egon zen, 1912an Italiaren esku geratu zen arte. Dodekanisos uhartediko hiriburu egin zuten Rodas eta Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean Greziaren mende geratu zen uhartedi osoa bezala.