Rochester
Estatu Batuetako ekialdeko hiria eta ibai portua, New Yorkeko estatuaren ipar-mendebalean, Buffaloko hiriaren ipar-ekialdean, Genesee ibaiaren ertzean, Erie ubidetik hurbil eta Ontario aintziratik gertu. 241.741 biztanle (978.600 biztanle ditu Rochester-Irondequoit-Greece-Brighton hirialdeak). Unibertsitatea. Industria (argazkigintzarako tresneria, tresneria mekanikoa eta elektrikoa, garagardogintza, tabakogintza, janari industria, doitasun tresneria, ontziolak) eta nekazaritza produktuen merkataritza dira ekonomia jarduera nagusiak. Indar-etxe garrantzitsuak dira Genesee ibaian eta Erie ubidean zehar. Aipagarriak dira Arte Ederretako museoa, Argazki museoa eta planetariuma.