Richelieu kardinala
(Armand Jean du Plessis jaiotza izenaz). Frantses elizgizon eta politikaria (Paris, 1585 - Paris, 1642). Gudarostean jardun ondoren, Luçon-go apezpiku izendatu zuten 1607an, haren anaiak kargu hori utzi zuenean. Elizaren ordezkari izan zen 1614ko estatu orokorretan eta gero politikan hasi zen, Maria Medicikoak eta Concini ministroak babestuta. 1616an Estatuko idazkari egin zuten. Gortea utzi behar izan zuen, Maria Medicikoarekin batera, Concini erori zenean, eta Coussay-ko prioretxean zegoela Défense des principaux points de la foi catholique (Fede katolikoaren xede nagusien alde) eta Instruction pour les chrétiens (Kristauei aditzera) fede katolikoaren aldeko obrak idatzi zituen. Luis XIII.aren eta haren amaren artean eginiko ararteko lanei esker, errege kontseiluan hasi zen berriro 1624an eta handik aurrera ministro izan zen hil arte. Bi helburu nagusiri begira jardun zuen bereziki Richelieu-k: erregetzaren indartzea eta Frantzia Europako estatu indartsuen bihurtzea. Frantzia barnean, bestalde, erregearen aurka eta Maria Medicikoa haren amaren alde jarraitu zuten goi-nobleen aurka borrokatu zen irmoki: horietako batzuk hilarazi zituen, eta bere aurka prestatu zuten atentatuak (1630, Journée des Dupes; «Petzeroen eguna») huts egin zuenean, Maria Medicikoa erbesteratu eta Marillac mariskala hilarazi zuen. Gogor jokatu zuen, halaber, protestanteen aurka: 1628an eskuratu zuen erreformazaleen esku zegoen Arroxelako hiria, eta 1629an izenpetu zuen itunaren ondorioz (Alès-ko bakea), indar militarrik gabe geratu ziren protestanteak, erlijio askatasunaren truke. Erregearen aginpidea indartzeko, guztiz zentralizatu ziren estatuko erakunde guztiak eta erregearen ordezkarien eraginez asko apaldu zen parlamentuen ahalmena. Zuzenean parte hartu zuen erlijio gatazketan (1638, Saint-Cyran Baionako apaiz jansenistaren atxilotzea) eta arras larritu ziren Frantziako estatuaren eta Aita Santuaren arteko harremanak, lehendik ere zailak, elizgizonen gaineko zergak zirela eta. Richelieu-k ezarritako zergak ezin eramanik, matxinada batzuk izan ziren Frantzian (1637, soulèvement des croquants «laborari landerren matxinada»; 1639, soulèvement des va-nu-pieds «lander oinutsen matxinada») eta gupida gabe zapaldu zituen erregearen gudarosteak. Kulturaren alorrean, Frantziako Akademia sortu zuen 1635ean. Kanpo politikan, aliatuak bilatu zituen beti oste protestanteen artean Habsburgotarrei aurre egiteko: 1625ean Italiako iparraldeko Valtelina konkistatu zuen Espainiako koroari laguntzera zihoazen indar austriarrei bidea eragozteko, eta 1629-1630 urteetan Italiako iparraldea hartu zuen. Hogeita Hamar Urteko gerran bete-betean parte hartu zuen, Espainiaren aurka (1635). Oroitzapen liburu bat, gutunak eta testamentu politiko bat (Testament Politique, 1688an argitaratua) utzi zituen idatzirik.