Richardson, Samuel
Ingeles eleberrigilea (Mackworth, Derbyshire, 1689 - Londres, 1761). Gutunen teknika erabili zuen maisuki bere eleberrietan; pertsonaien psikologia landu zuen bereziki. Inprimatzaile baten alabarekin ezkondu zen 1719an, eta lanbide horretan jarraitu zuen aurrerantzean. Lagunek bizitzako une bakoitzeko gutunak idazteko eskatu eta horretatik abiatuta taxutu zuen lehen eleberria, berehalako arrakasta izan zuena: Pamela: or, Virtue Rewarded (1740, Pamela edo bertutea sariturik). Clarissa Harlowe (1747-1748) argitaratu zuen, gutun eleberria hori ere. Emakume baten barne sentimenduak sakondu nahi izan zituen eleberri horretan, eta berebiziko eragina izan zuen bere lanak Europako geroztikako idazle batzuengan (Diderot, Rousseau, Goethe). Gizonezkoen munduan barneratu zen ondoren The History of Sir Charles Grandison nobelaz (1754, Sir Charles Grandison-en historia). Eleberri psikologiko nagusien artean daude Pamela eta Clarissa nobelak.