Richier, Germaine
Frantses eskultorea (Grans, 1904 - Montpellier, 1959). Montpellier-en eta Parisen, Bourdelle-rekin, ikasi zuen. Molde klasikoko giza irudiak (burualdeak, bularraldeak, gorputz osokoak…) landu zituen hasieran. 1940. urtetik aurrera, ordea, alegiazko giza formak hasi zen aurkezten, higuingarri iritzitako animalien eta landareen moldera bihurtuak: saguzar-gizonak, arbola-gizonak,… Intsektuekiko, gaueko indar gordeekiko eta izadiarekiko lilura ageri dira 1946tik aurrerako lanetan: Oihana (1946), Ekaitza (1948), Hurakana (1948), Mamu haur-jalea (1951), Lehoi hegalduna (1952), Sei buruko zaldia (1953). Sailak ere aurkeztu zituen: Tauromakia (1953), Hegazti-gizonak (1953), Mendia (1956). Eskulturaz gainera, zeramika, mosaikoak eta grabatuak landu zituen. Lanean erakutsitako irudimenak joera surrealistatik hurbil jartzen du Germaine Richier; irudiez bestelako lanak eskaini zituen, hala ere, azken urteetan (zeramika kolore askotarikoa, 1957-1958 urteetan).