Richie, Lionel
Estatubatuar musikaria (Tuskegee, Alabama, 1949). 1967an The Commodores taldea sortu zuen, Estatu Batuetako 1970eko hamarraldiko soul talde ezagunena. Ordurako, baina, Richie bakarka hasteko asmotan zebilen, eta Kenny Rogers country-pop musika izarrarentzat idatzi eta ekoitzi zuen "Lady" kantuak pop zuriaren merkatuko ateak zabaldu izanak bide hori hartzera bultzatu zuen. 1982an Lionel Richie izeneko diskoarekin egin zuen debuta, arrakasta handiarekin. Urtebete geroago, bigarrena argitaratu zuen, Can't Slow Down, arrakasta handiko bi kanturekin: "All Nihgt Long" eta "Hello". Diskoa argitaratu zuen konpainiaren historiako diskorik salduena izan zen. Handik gutxira, urrezko aukera egokitu zitzaion: mundu osora zabalduko zen ereserki bat egin Michael Jacksonekin batera: "We Are The World". Urte hartan bertan, Say You, Say Me grabatu zuen, White nights filmeko abestia. Izugarrizko arrakasta izan zuen eta hurrengo diskorako bidea urratu zuen: Dancing On The Ceiling (1986). Isilaldi luze baten ondoren, 1996an Louder Than Words argitaratu zuen.