Richardson, Robert
Estatubatuar fisikaria (Washington, 1937). Fisika ikasketak egin zituen, Virginiako Institutu Politeknikoan (1958), eta Dukeko Unibertsitatean (1966). Azkeneko urte horretan Cornelleko Unibertsitateko ikertzaile laguntzaile gisa hasi zen lanean, eta 1975erako Cornelleko katedradun zen. 1990ean unibertsitate horretako fisika atomiko eta egoera gotorreko laborategietako zuzendari izendatu zuten. Han hasi zen helio 3-arekin lanean, David M. Lee fisikariarekin eta Douglas D. Osheroff doktorego ikaslearekin batera. Hiru zientzialariok oso tenperatura apaletaraino hozten zuten helio 3-a –gradu milaren batzuk zero absolututik gora–, isotopo horren ezaugarri magnetikoak aztertzeko. Baina 1971n, Osheroffek presio aldaketak antzeman zituen helio 3-aren barruan, eta superjariakarirako trantsizioa gertatu zela pentsatu zuen. Hiru zientzialariok emaitza baieztatu zuten, baina gainerako zientzialariek ez zuen onartu, harik eta beste ikertzaile batzuek hurrengo urtean aurkikuntza hura berretsi zuten arte. Isurkari superjariakari bat erresistentziarik gabe isurtzen da eta quantumaren mekanikaren estatistika legeen mendean dago. Superjariakariak garrantzi handikoak dira fisikan, beren sistema makroskopikoan quantumen efektuak azter daitezkeelako. Helio 3-aren superjariokartasunaren aurkikuntzagatik, Richardson, Lee eta Osheroffek Fisikako Nobel saria jaso zuten 1996an.