Ribeiro, Darcy
Brasildar antropologo, hezle eta politikaria (Montes Claros, Minas Gerais, 1922 - Brasilia, 1997). Hezkuntza eta Kultura ministroa. Soziologia eta politika zientzietako ikasketak egin zituen, Sao Pauloko Unibertsitatean. 1947an Indiarren Babes Zerbitzuko ikertzaile eta etnologo gisa lanean hasi zen, eta etnologia sailaren buru izan zen 1952-1956 bitartean. 1953an Indiarraren Museoa sortu zuen. Hezkuntzaren munduan, Heziketa Ikerkuntza Zentroko eta Analfabetismoa Desagertzeko Kanpainaren Ikerkuntza Sozialen saileko zuzendari izan zen. 1961ean Hezkuntza eta Kulturako ministro izendatu zuten, eta kargu horretatik Brasiliako Unibertsitatea sortu zuen. 1963-1964 urteetan Errepublikako lehendakaritzako Etxe Zibileko buru izan zen. Azkeneko urte horretan, gobernuaren kontra azpilanean aritu zen taldeak eskubide politikoak kendu zizkion. Uruguaira erbesteratu zen, eta Txilen eta Perun bizi izan zen gero. Perun antropologia eskolak eman zituen eta unibertsitateko irakaskuntza berritzen jardun zuen gero. 1976an Brasiliako Unibertsitatean hasi zen berriro lanean, eta urrutiko hezkuntzarako oinarriak jarri zituen. Etnologo gisa, zenbait ikerketa egin zituen Brasileko indiar taldeen artean. Bere azterketetan oinarrituta, indiarren erlijio, mitologia, hizkuntza eta kultura sistemei buruzko liburu asko idatzi zituen: Proceso civilizador (1968, Zibilizatzea); Universidad necesaria (1969, Ezinbesteko unibertsitatea); Las Américas y la civilización (1970, Amerikak eta zibilizazioa); Teoría de la historia de Brasil (1972, Brasileko historiaren teoria); eta indiar mitologiari buruzko eleberri handi bat, Maíra (1976).