Ribera, José de
(Italian Lo Spagnoletto deitua). Kataluniar pintorea eta inprimagilea (Xàtiva, 1591 - Napoli, 1652). Espainiako pintore barroko nagusietako bat izan zen eta bereziki nabarmendu zen erlijio eta mitologia eszenetan erakutsi zuen errealismo biziarengatik. Italian eman zituen bizitzako urte gehienak. Badirudi Francisco Ribaltarekin egon ondoren Italia aldera jo zuela, Parmara lehenik eta Erromara gero (1608-1610). Garai hartan Espainiako koroaren mendean zegoen Napolin ezkondu zen (1616), eta han ezarri zuen pintura lantegia, erregeordeen eta Erromako hierarkia katolikoaren zerbitzuan. Caravaggio-ren jarraitzaile nagusietako bat izan zen Italian. Erlijio gaiak bezala (1616-1620, Osunako kolegiatako erretaula; 1624, San Bartolomeren martiritza) maisutasun handiz landu zuen, besteak beste, mitologiaren mundua (1626, Sileno horditurik; 1634, Bakoren alegia; 1637, Venus eta Adonis; 1637, Apolo eta Marsia). Azken muturrera eraman zuen eszenetako errealismoa, eta egunoroko pertsonak ez bezalakoetara jo zuen zenbaitetan (1631, Abruzziko emakume bizarduna), baina gehiago izan ziren kaleko erretratu arruntak (1637, Edale alaia; 1637, Neskatxa panderojolea; 1643, Nanoa eta zakurra); dastamena, entzumena eta usaimenaren pertsonifikazioak ere aurkeztu zituen obra banatan. Konposizio maila handiko obrak ere egin zituen, bizitzako azken urteetan batez ere (Jakob-en ametsa, 1639; Errege Magoen adorazioa, 1651; Apostoluen jaunartzea, 1651). Bizirik zegoela, ospe handia izan zuen Europa guztian eta bereziki preziatu zuten XVIII. mende bukaeratik aurrerako pintore erromantikoek.