Renée Frantziakoa
Ferrarako dukesa 1534-1559 urteetan (Blois, 1510 - Montargis, 1575). Luis XII.aren eta Ana Bretainiakoaren alaba zen eta Ferrarako dukea zen Herkules II.arekin ezkondu zen. Lefèvre d’Etaples frantses teologo eta humanistaren ikasle izan zen, eta erreformaren aldekoa; gortera bildu zuen nobleek eta idazleek eraginda, Calvino besteren artean. Aita Santuak esku hartuko zuen beldur zen eta Henrike II.aren laguntza eskatu zuen dukeak; hark Ory-ko inkisidorea bidali zuen. Dukesaren aurkako kondena lortu zuen eta atxilotu ondoren gortetik bota zituzten dukesaren lagunak (1554). Aske geratu zenean heretikoekin harremanetan jarraitu zuen eta dukea hil zenean (1559) Frantziara joan zen higanotei laguntza eskaintzera.