Renault, Michel
Frantses dantzaria (Paris, 1927 - Boulogne, 1993). Bost urte zituela hartu zituen lehenengo dantza eskolak Mauricette Cebronen eskola pribatuan (1895-1992). Irakasleak haurrentzako ikuskizunak antolatzen zituen Petit-Mondeko antzokian ostegunero, eta ikuskizun horietako izarra bilakatu zen Michel berehala. Hamabost urte zituela Operako Balletean sartu zen. 1946an Lycette Darsonval eta Yvette Chauviré dantzari ospetsuekin jardun zuen, eta 1947an Operako dantzari nagusi izendatu zuten. Urte hura arrakasta handikoa izan zen Operako Balletarentzat. George Balanchine errusiar-amerikar koreografoaren (1904-1983) zuzendaritzapean jardun zuen Sérénade (Serenata), Le Baiser de la fée (Maitagarriaren musua), Apollon Musagète eta Le Palais de cristal (Beirazko jauregia) lanetan. Bestalde, Michel Renaultek hogeita hamarren bat ballet, estilo askotakoak, egin zituen operan: Giselle, Beltxargen aintzira, Sylvia, Suitea zuriz, Iruzurra, Helena ederra. 1969. urtetik aurrera, Hollywoodeko koreografiak zuzendu zituen, baita Frantziako telebistakoak ere. Horrez gainera, sormenerako izugarrizko trebetasuna zuela erakutsi zuen 1970-1975 urteen bitartean osatu zituen errebistetan. Irakasle gisa New Yorkeko American Ballet Theater-era gonbidatu zuten. Boulogne-sur-Seineko Kontserbatorio nazionaleko irakasle izendatu zuten eta mutikoentzako hainbat ballet eskola sortu zituen.