Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Regensburg

edo Ratisbona. Alemaniako hego-ekialdeko hiria, Bavaria Behereko eta Pfalz edo Palatinatu Garaiko hiriburua, Danubio ibaiaren ertzean, Danubio eta Regen ibaien bilgunetik hurbil. 132.617 biztanle. Unibertsitatea. Errepide eta burdinbidegune garrantzitsua. Industria (kimika industria, janari industria, larrugintza, tresneria elektrikoa, automobilgintza, zurgintza) da ekonomia jarduera nagusia. Turismo garrantzitsua. Oso hiri zaharra da eta garai bateko monumentu ugari gorde ditu. Aipagarriak dira XIII-XVI. mendeetako San Pedro katedrala, San Emerando monasterio erromanikoa (XVIII. mendean berritua), XIV. mendeko udaletxe gotikoa, Danubio ibaia zeharkatzen duen 1135. urteko harrizko zubia, domingotarren komentua (XIII-XIV. m.) eta beste etxe eta jauregi historikoak. v Historia. Radasbona hiri germaniarra Erromaren mendeko Castra Regina bihurtu zen, Marko Aurelioren kuartel nagusi. Geroago Bavariako dukearen mende egon zen. 1207an hiri-gutuna jaso zuen eta 1245. urtean Inperioko hiri askea izan zen. Hiri oparoa izan zen ibaian zehar egiten zen merkataritzari esker. Erreforma garaian dieta bat izenpetu zen bertan (1541).1542an Erreformaren alde jarri zen hiria. Maximiliano II.aren eta printze protestanteen arteko negoziazioak gauzatu ziren 1575ean Rodolfo erromatarra errege izendatzeko eta 1555. urteko Augsburgo-ko bakearen baldintzak bere horretan uzteko. Saxonia-Weimar-eko Bernardok hartu zuen hiria, eta Inperio santuaren egoitza bihurtu zen 1663. urtetik aurrera. 1684an Regensburg-eko su-etenaren ondorioz Luis XIV.aren esku geratu zen Estrasburgo. 1809an frantsesek hartu zuten Regensburg eta Bavariako estatuari anexionatu zitzaion hurrengo urtean. v Regensburg-eko dieta. 1541. urtean Karlos V.a enperadoreak katolikoen eta protestanteen arteko batasuna bultzatzeko deitu zuen bilera. Eck, Gropper eta J. von Pflug izan ziren hara bildu ziren teologo katolikoak, eta Melanchton eta Bucer protestanteak. Hasieran akordioa lortzetik gertu ibili arren, hautsi zen bilera. Bost urte geroago saiatu zen enperadorea berriro eta, huts egin ondoren, protestanteen aurkako gerrari ekin zion.