Regale, Affaire de la
(Eusk. «Errege eskubideen auzia»; regale, «erregeren eskubide» hitzetik). 1673-1693 bitartean Luis X.a Frantziako erregea eta frantses apaizgo galikanoa, alde batetik, eta Aita Santu katolikoa, bestetik, aurrez aurre ezarri zituen auzia. XII. mendeaz geroztik zetorren regale eskubidearen bitartez jasotzen zituen Frantziako erregeak hainbat elizbarrutitako zergak, eta 1673an Frantziako elizbarruti guztietara zabaldu zuen Luis XIV.ak eskubide hura. Frantses apezpiku gehienek onartu zuten neurria, eta Inozentzio XI.aren protestek ez zuen batere oihartzunik izan. Aitzitik, 1681ean, Frantziako apaizek bilkura handi bat egin zuten eta Bossuet-ek idatziriko Déclaration du clergé de France (1682, Frantziako apaizgoaren agiria) delakoa onartu zuten. Luis XIV.ak berak hautatu zituen geroztik apezpikuak; horrek, ordea, larriagotu baizik ez zuen egin egoera. Ez zen zatiketarik izan, eliza katolikoaren hierarkiak ez zuelako agiri hura 1691 arte kondenatu, alegia, Luis XIV.ak Vatikanoren beharra izan zuen arte. 1693an, Luis XIV.ak atzera bota zuen agiria eta hala lortu zuen Inozentzio XII.a Aita Santuarekin hitzarmen bat egitea.
- Reed, Walter
- Rees, Martin John
- Reeve, Christopher
- Reeves, Keanu
- referendum
- Regale, Affaire de la
- Régamey, Raymond
- Regato, El
- Regensburg
- Reger, Max
- reggae