Reggio nell’Emilia
Italiako iparraldeko hiria eta izen bereko herrialdeko (2.291 km2 eta 417.216 biztanle) hiriburua, Emilia-Romagnako eskualdean, Crostolo ibaiaren ertzean, Parmako hiriaren hego-ekialdean. 130.825 biztanle. Errepide eta burdinbidegune garrantzitsua. Nekazaritza gaien (mahatsa, gazta, haragia) merkataritza eta industria (janari industria, ardogintza, kimika industria, burdinbide gaiak, metalurgia, tresneria elektrikoa) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira XIII. mendeko katedrala, Madonna della Ghiara Ama Birjinaren eliza (1597-1619), Parmeggiani galeria eta XV-XVI. mendeetako jauregi ugari. v Historia. Marco Emilio Lepido erromatarrak sortu zuen K.a. II. mendean, Emilia-ko galtzadan, Regium Lepidi izenarekin. Lonbardiako dukeen egoitza izan zen ondoren eta herri burujabea zen XII. mendean. Este etxearen mende egon zen 1409-1796 bitartean eta Piemonteko eskualdean 1859. urteaz geroztik.