Reggio di Calabria
Italiako hegoaldeko hiria eta portua, izen bereko herrialdeko (3.183 km2 eta 591.551 biztanle) hiriburua, Calabriako eskualdean, Messinako itsasartearen ertzean, Messinako hiriaren (Sizilia) parean. 178.620 biztanle. Aireportua. Industria (kimika industria, ehungintza, mekanika industria) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira molde erromaniko-bizantziarrean berritutako katedrala, hondakin erromaniko eta grekoak eta Museo Nazionale della Magna Grecia museoa, arkeologia aztarnen bilduma garrantzitsua gordetzen duena. v Historia. Eubeako kalkistarren kolonia izan zen K.a. VIII. mendean. Anaxilaoren garaian (K.a. V. m.) diktadurapean bizi ondoren Atenasekin aliatutako demokrazian bizi izan zen K.a. 433tik aurrera. Sirakusaren mendean egon zen K.a. 387an baina independentzia berreskuratu zuen K.a. 351n. Erromako aliatua izan zen eta udalerri bihurtu zen K.a. 89an. Bizantziarren mende egon zen VI. mendean, lonbardiarren esku X. mendean, arabiarra X-XI. mendeetan eta normandiarren mendean geratu zen 1060. urteaz geroztik. Siziliarekin zituen merkataritza harreman nagusiak eta Gonzalo de Córdobak konkistatu zuen gero Fernando Katolikoaren koroarentzat. Turkiarrek eta berberiarrek suntsitu zuten hiria XVI. mendean; 1873ko lurrikarak hiriaren erabateko gainbehera ekarri zuen.